Mintegi horretan ikastoletako eskolaz kanpoko arduradunek zein Hizkuntza Proiektuko arduradunek hartzen dute parte. Izan ere, euskararen erabileran eragiteko esparru garrantzitsua da hezkuntzaren eremu ez-formala, eta hizkuntza proiektuko arduradunek zer esan handia dute eskolaz kanpokoen plangintza egiteko eta irizpideak finkatzeko orduan.
Orotariko gaiak landu izan dira EKE mintegian, besteak beste: euskara, emozioak eta ikuspegi ekosistemikoa; aisialdi-guneak ikastoletan; eskola-kirol tradizionaletik aisialdi hezitzailera jauzi kualitatiboa; eta aisialdia eta ikastolako kanpo-espazio hezitzaileak. Mintegiak nahiz Zirimolak ikastolei eskainitako bestelako formazio saioek elkarren arteko harremanak sendotzea ekarri du, eta, ondorioz, baita Zirimolak eskaintzen duen aisialdi programa ikastolen premietara lerrokatzeko aukera eman ere. Konfiantza eremuak sortuta, eremu ez formaleko esku-hartzea guztiak batera aurrera eramatea errazten da. Azkenean, saio horietan, denbora guztian elkar elikatzen aritzen dira, eta guztien artean osatutako programak eta egitasmoak garatzen. Mintegi horietan eramaten den metodologia ere guztiz parte-hartzailea da eta parte hartze horren bidez osatzen joan dira egitasmoak.
Azken batean, Zirimolak sortu ditu aisiaren oinarri pedagogikoak, Zirimolak proposatu ditu ekimenak, eta ikastolekin partekatu dituzte, baina ikastolen aldetik informazio asko jasotzen dute; zer interes duten, zer behar, zer aldaketa egiten ari diren… Zirimola taldearentzat nahitaezkoa da joan etorri hori hurrengo ekitaldietarako prestatuko dituzten ekimenei begira.